XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zarategi

ZARATEGI baserria Donostian, Altzako Intxaurrondo baillaran zegoan, eguzkiak eta aize garbiak gogoz maitatzen zutela, leku alai eta patxaratsu batean, kamio ertzean zutitua.

Baiña urte batzuk badira, baillara ortako beste baserri asko bezela, Zarategi ere bota zutela.

Gaur, baserri oiek ziran tokian, arrigarrizko etxe pillak daude zutituak: eta erri aundi bat dirudi gaur Intxaurrondo baillarak.

Zarategi baserriko nagusia Antonio Arruti Arrieta zan, izenordez Erbia esaten ziotena, gizon atsegiña eta umoretsua.

Bertsolaria gaiñera. Biok bertso-saioak egin izan genituan iñoiz. Sagardo onak egiten zekiana.

Ni nere lagunekin askotan izana naiz sagardotegi ortan, eta amaika umore eder paseak gaude dalako Erbi sonatu orrekin. Aundi xamarrak esaten genizkion alkarri, baiña aserretu bein ere ez.

Sei alaba izan zituzten Antoniok eta bere emazte Maria Arrieta Etxebestek. Neskatxa eder liraiñak ziran danak ere.

Aurpegi alaiz itz egiten ziguten sagardotegira joaten giñan sagardozaleoi.

Oraindik ere nere begien aurrean dauzkat beraien irripar goxoa eta esaten zizkidaten itz eztitsuak. Ez ninduten aspertu ere egiten. Beraiekin igarotzen nituan txolarte aztu eziñak ain ziran pozgarriak.